XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

22.1. KORRELAZIOA.

Korrelazio hitzaren esangura elkarrekiko harremana da.

Beraz, korrelazio hitz estatistikoak bi serie estatistiko edo gehiagoren artean dagoen elkarrekiko harremana adierazten digu.

Orain arte egiten ari garen bezala, kapitulu honetan ere bi serie estatistikoen artean dagoen korrelazio lineala aipatuko dugu soilki; ondorengo definizioaren arabera:

Definizioa: Bi serie estatistikoen arteko korrelazio lineala, bat eta besteari dagozkien aldagai aleatorioen arteko interdependentzia (dependentzia-erlazioa) da * Ba dago diferentzia txiki bat, erregresio linealean erabili genituen aldagai bien eta korrelazioan erabiliko ditugunen artean. Erregresio linealean, aldagaietariko bat, x, independientetzat hartzen dena, arrunta dela esan ohi da. (Zeren bere balioak zehaztasunaz finka bait daitezke). Batzutan, aldagai kontrolatua esaten zaio. Beste aldagaia, y, aleatorioa edo zorizkoa da. Korrelazioan, bai x eta bai y, aldagai aleatorioak dira. Guk aldagai biak (x eta y) aleatorioak direla kontsideratuko dugu..

Adibidez, B.B.B.-ko 3.mailako ikasleen pisua eta altueraren arteko erlazioa nahiko garbia dela ikusten dugu.

Badakigu bestalde, dependentzia hau ez dela beste batzuk bezain hertsia edo perfektua; ez behintzat serie bidimentsionalen kasuan bezala: zirkunfererentzia baten luzera eta bere erradioaren arteko erlazioa.

Bi serie estatistikoen korrelazioa, handiagoa edo txikiagoa izan ala dispertsio-diagramako puntuak (puntu-multzoa) doikuntza-lerrotik (gure kasuan erregresio-zuzenetik) hurbilago edo urrutiago egongo dira.

Adieraz ditzagun labur-labur ikasgaian zehar justifikatuko ditugun puntuak.

Korrelazioa oso handia bada, puntu-multzoa banda estu batean zehar kokatuko da.

Puntuak, bi erregresio-zuzenetatik hurbil egongo dira, eta zuzen hauek ia bateratu egingo dira.

Korrelazioa osoa den kasuan, erregresio-zuzen biak batera etorriko dira.

Korrelazio perfektua esango diogu.

Puntu guztiak erregresio-zuzenean kokatuko dira.

Hauxe da, hain zuzen funtzio-dependentzia.